US3

US3

Egun arrunt batean ezhoiko lekuan egotearen xarma

Zer egingo duzu bihar? Galdera egiten digute US3 taldekoek kaleratu berri duten diskarekin batera doan liburuxkaren azken orrian. Galderak ez luke ezer berezirik izango aurreko orrialdeetan munduan dauden injustizi askoren berri ematen diguten argazkiak egongo ez balira.

1991. urtean Cantaloop kantarekin jende askoren eskema musikalak apurtzea lortu zuten. Ez zen lehen aldia rapa eta jazza nahasten zirela, baina Herbie Hancock haundiaren kantua hartu eta lortutako bertsioa gure bizitzako banda sonoroaren parte bihurtu zen. Neurri haundi batean, bulegoko esperimentua izan zen US3 proiektua. EMI multikakako dirusurgatzaile agintari gorenek oneritzia eman bitartean, atzerapen eta aldaketa asko izan zituen diskak. Argia ikusi zuen azkenean, eta baita arrakasta komertzial itzela lortu, noski. Ez diogu meritorik kendu nahi. Bigarren diskarekin berriz ez zuten lehenengoaren arrakasta komertziala lortuko. Orain, disketxe berriarekin datoz, bueltaka. Aldaketak disketxeari dagokionez, baina baita musikari dagokionez ere.

 

Diskoaren azala.

Geoff Wilkilson, US 3 ko produktorea da. Biharko egunean egingo duenaz baino, azken hilabeteotako lanaren emaitzaz hitzegin digu: 

"Diska honen eta aurrekoen artean, bi desberdintasun nagusi daude. Batetik, soinua desberdina da; aurrekoak Blue Note zigiluarekin grabatu nituen, eta disketxe horretako artxiboetatik ateratzen nituen sanplerrak. Orain, berriz, Universalekin grabatzen dut, eta iturriak desberdinak dira, beraz. Diska honek, gainera, zuzenean lortzen dugun soinuarekin harreman haundiagoa du. Bigarren desberdintasuna ahotsetan dago. Orain arte, rap abeslariak izan ditut lagun, eta orain berriz, emakumezko abeslari batek kantatzen du hainbat kantuetan. Alison Crockett izena du, New York hirikoa da eta izugarrizko ahotsa du".

Musikari dagokionez, berriz, desberdintasunak nabarmenak dira: "Lehen jazza eta hip-hop musikak nahasten nituen soilik, orain berriz, drum&bass, soula, erritmo latinoak, indiako musika tradizionala eta beste elementu batzuk elkartu ditut. Mugak apurtu eta musika askeagoa lortu dut orain".

Mugak apurtu eta muga ugari zeharkatu ditu azken urteotan taldearekin batera herrialde desberdinetan emandako kontzertuetan. Horren eragina izan du diska osoan:

"Diskaren izenburua aukeratzerakoan herrialde desberdinetara egin ditudan bidaiek zerikusi handia izan dute. Beste herrialdeetako kulturekin izan ditudan esperintziak daude diska honen oinarrian. Izenburu honekin zera adierazi nahi izan dut, ingurune arrotz batean egoteak ez gaituela beldurtu behar, gaurkoa beste edozein eguna bezalakoa bait da, nahiz eta ohiko lekuan egon ez".

Ekoizlea eta abeslari nagusiak.

 

Aldaketak musikan baina aldaketak diska osatzerako orduan ere:

 "US3 ren bigarren diska kaleratu eta gero grabazio estudio propioa sortu nuen eta hirugarren diska hau bertan grabatu dugu. Horrek izugarrizko errestasuna eman dit, beste norbaiten estudioan ez dudan lasaitasuna eta erosotasuna ematen dizu. Esperimentatzeko denbora gehiago duzu. Horregaitik, agian, zuzeneko soinuarekin harreman estuagoa nabaritzen diot diskari. Musikari desberdinekin lan egiteko aukera izan dut eta gauza desberdinak frogatu ahal izan ditut. Kantu guztiak sanpler batekin hasten dira, modu batera edo bestera, soinu `organikoagoa lortu dugu. Egia esan, sanpler guztiak elkarrekin eduki arte ez nahiz lanean hasten".

MUSIKAREN NATURALIZAZIOA?

Musika elektronikoaren barruan, makinei protagonismoa kendu eta hezur haragizko musikariekin gehiago aritzeko joera dago, azken aldian. US 3 proiektuaren barruan ere antzeko zerbait gertatu da:

"Jende askok parte hartu du diska honetan. Taldeko bi abeslarietaz gain, Michelob izeneko rapero batek sartu ditu ahotsak. Musikari asko izan ditugu ondoan. Saxofoia jotzen, adibibidez, Ed Jones egon da, aurreko disketan gurekin lan egin duena. Mika Myll ri tronpetan, Neil Angilley pianoan, Femi Temowo gitarra jotzen edota Baluji Shrivastav eta Guarav Mazumdar sitar indioetan, eta jende gehiago. Beraien laguntzarik gabe, ezinezkoa egingo zitzaidan diska osatzea. Etorkizunean, musikari gehiago ezagutzea gustatuko litzaidake, oso esperientzia aberasgarria da".

Ez dakit aberasgarria izan ote den, baina aurreko disketxearekin izandako gorabeherak asko erakutsi dio, nahiz eta ez den hori aldaketa bakarra izan:

"Disketxe desberdinarekin lan egitea aldaketa haundia suposatu du niretzat. Alisonen ahotsa ere oso garrantzitsua izan da. Dena den, aurrekoetan bezala, orain ere, garrantzi haundia eman diot sanplerren erabilpenari. Diska honetan, aurrekoetan baino gutxiago erabili ditut, eta zuzenean jotzen den musikaz desberdintzea askoz zailagoa da orain".

Kantuetan ere nabari da aldaketa. Konpromezu maila altuagoa dute:

"Letrei dagokionez berriz, aurreko disketakoak baina gogorragoak dira, orain. Horregaitik agertzen dira idatziak diskarekin batera doan liburuxkan. Letra horiek jendeak irakur ditzala nahi dut. Jendeak, letra horiekin transmititu nahi izan dudana ulertzea nahi dut".

US3 proiektua, hasieratik, diska ordezkatzen duten singel arrakastatsuak kaleratzeagaitik egin da ezaguna. Oraingoan ere diskaren aurrerapen singelak ez du jendea hotz utziko:

"Diska honetako lehen singela "You can Hold Me down" kantua da. Nat Adderley musikariaren Jive Samba kantuan oinarrituta dago eta nik egindako bertsioan sitar doinuak eta Michelob raperoaren ahotsak sartu ditugu oso giro sikodelikoa lortuaz".